Elhuyar - Zientzia
2017/11/25
Lapikoa
Nola funtzionatzen
du
Bitxikeriak
Esperimentuak
Artikuluak
Zuen txokoa
Jokoak
Postalak
Gaiak
 
     Txantiloia deskargatu
Bidali zure iritziak eta iradokizunak
 

Lapikoa

lapikoa
  • Lapikoan borbor
  • Nola funtzionatzen du
  • Bitxikeriak
  • Esperimentuak
  • Artikuluak
inprimatu

Lapikoan / Artikuluak / Nekazaritza, basogintza, abeltzaintza eta arrantza; Ingurumena

Baleak babestea ez da erraza

2003/06/24 Elhuyar

Bale-arrantzako Nazioarteko Batzordea urtero biltzen da baleen inguruko hainbat gai jorratzeko. Aurten Berlinen bildu dira eta aurrez espero zuten baino erabaki gutxiago hartu dituzte baleen alde.

Izan ere, Japoniaren eta bere aldekoen botoekin, bale-arrantza zorrotzago kontrolatzeko proposamena ez da aurrera atera.

1986tik bale-arrantza debekatuta dagoen arren, badira oraindik baleak harrapatzen dituzten zenbait herri. Esate baterako, Japoniak ikerketa zientifikorako hiltzen ditu baleak. Norvegiak ez du onartzen batzordearen erabakirik, eta, beraz, ez dio debekuari jaramonik egiten; eta zenbait herri aborigenek baleak arrantzatzeko baimena daukate, bizirauteko haien haragia behar baitute, eskimalek adibidez.

Herri aborigenek ez bezala, besteek baleontzi erraldoiak dituzte eta lehergaidun arpoiak erabiltzen dituzte baleak hiltzeko. Hori dela eta, baleak babestu nahi dituzten herriek metodo duinagoak eskatzen dituzte, eta horregatik nahi dute balea-arrantza zorrotzago kontrolatu.

Kontrol zorrotzagoa nahi izateko beste arrazoi bat ere bada: baleen populazioa berreskuratu nahi da. Batzordeak, urtero, balea-espezie bakoitzetik zenbat ale harrapa daitezkeen erabakitzen du, hau da, kuotak ezartzen ditu; baina, tamalez, kuotetatik kanpo baleak arrantzatzen direla gauza jakina da eta horrek ez du laguntzen baleen populazioa berreskuratzen.

Baleen populazioa haz dadin, zenbait bale-babesgune daude munduko itsaso eta ozeanoetan. Babesguneetan ezin du inortxok ere balearik harrapatu; horregatik, baleek ugaltzeko edo elikatzeko erabiltzen dituzten lekuak aukeratzen dituzte. Babesguneetan balea asko biltzen direnez, baleak ikustera joateko leku aproposak dira eta turista asko joaten dira.

Aurtengo bileran bi babesgune berri ezarri nahi ziren: bata Atlantikoaren hegoaldean eta bestea Ozeano Barearen hegoaldean. Baina, beste behin ere, Japoniak eta bere aliatuek aurkako botoak eman dituzte eta, oraingoz behintzat, gune horiek ez dira seguruak baleentzat.


Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila  Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamendua  


359 harpidedun
ditugu Zernolan

Elhuyar sarean

 

Copyright © 2007 Elhuyar Fundazioa

webmaster@elhuyar.com